Ipar-mendebaldeko Nafarroa Hezean dago kokatua Ituren, Malerrekan. Lekunberri-Doneztebe NA-170 eskualdeko errepidea pasatzen da herritik.
Hiru populaziogune ditu: Ituren, non baitira Udaletxea eta zerbitzu garrantzitsuenak eta Aurtitz eta Latsaga auzoak. Ameztia mendian ere badu baserri mordoxka bat han eta hemen, herritik hiru kilometrora.
Haietara joateko Ituren eta Latsaga auzoetatik igaro behar da.
Udalerriko erliebea kontraste handikoa da: hiru auzoak dauden Ezkurra ugalde ondotik, hau da, 200 .-tatik, Mendaur mendiko gailurrera, 1136 m.-tara.
Iturengo paisaia berde eta menditsua da. Bertan Asurdi, Armaurri, Sorano, Ameztia eta batez ere Mendaur mendia aipatu behar dira. Mendi hauek haritz, pago eta gaztainondoz estaliak daude.
Mendaur mendia, Baztan, Malerreka-Bertizarana eta Bortzirietako behatoki aparta dugu. Gailurrean Trinitatearen baseliza dago, 1692an eraikia (inskripzioan jartzen duenez).
Mendaurreko bidean ezin da "Mendaurko urtegia" atzendu, 785.000 m³ko edukierarekin, energia elektrikoa sortzeko ura erabiltzen duena.
Ezkurra dugu herria zeharkatzen duen ugalde nagusiena. Ezkurra mendatearen ekialdeko isurialdean jaiotzen diren zenbait erreka elkartzean sortzen da eta Doneztebe inguruan bat egiten du Bidasoa ugaldearekin.
Mendaur eta Ekaitza mendietan sortzen den Armaurri da Iturenen Ezkurra ugaldeko adar nagusiena. Erreka honen goiko ibarrean dago Mendaurko presa.
Ezkurra ugaldeak amuarrainen arrantzarako aukera ona eskaintzen du.
Haltzak dira Iturengo ibaiertzak janzten dituzten landareak. Zuhaitzak errekaren parean egon ohi dira, zerrenda mehar bat eginez, bazterrak malkartsuak direnean eta ibarrak zabaltzen diren lekuetan, gehixeago (metro batzuk) hedatzen dira. Haltzaz gain, ibai ondoko arboladietan beste zuhaitz batzuk badaude: oilakarana, sahats iluna eta ahuntz-sahatsa, lizarra eta zumarra. Intsusak, hurritzak, sasiarrosak, laharrak eta batzuetan, ezpelak hartu dute haltzadiak utzitako eremua.
Ibaian eta ibaiertzetan zenbait ugaztun bizi dira: ipurtatsa, lepahoria, lepazuria eta azkonarra. Inguruko arboladietan, berriz, beste hauek: katagorria, satitsua, Millet satitsua eta satorra. Oinatzeengatik dakigu basurdeak eta orkatzak ere badirela.
Hegazti sail bat ere bada: martin arrantzalea, oso bitxia, buztanikara zuri eta horia, eta beste txori asko, hala nola, kaskabeltz txikia, txepetxa, zozoa, uda-txirta eta mendi-txirta, pitxartxarra, garrapoa, gerri-txoria, zozoa eta amilotx mottoduna. Harrapariak: gabiraia, aztorea, zapelatza, urubia eta mirotz zuria, azken hori landa eta larren gainean, hegan. Okilen artekoak, ondoko hauek: okil berdea, okil handia eta okil txikia.
Iturengo klima mudakorra da: neguan hotza eta euritsua eta udan beroa. Udaberria eta udazkena onak egiten ditu, gehienetan.
Klima epel itsasaldekoa da, Kantauri itsasotik hurbil baita. Ezaugarririk nabarmenena euria erruz egiten duela da eta urte guztian, gainera. Atlantikotik heldu diren jasek herri guztia bustitzen dute, baita udan ere. Beraz, ez da lehorterik izaten. Balio plubiometrikoak 1.800 mm-ko ingurukoak izaten dira eta 180 bat egunetan botatzen du.
Klima epela da eta urteko batez besteko tenperatura 13-14ºCkoa.
Neguan, batzuetan, elur dezente egiten du, baina luze iraun gabe. Jakina, eremu menditsuetan tenperaturak baxuagoak izaten dira.