Saltar navegación

ITURENgo  Udala

2012ko maiatzaren 19a

HISTORIA

Iturengo armarria

Iturengo armarria

Nafarroako ikerketa historikoek argi txikia egin dute Malerrekako herrien historian, Behe Erdi Aroa arte. Hala ere, badakigu gizakiak (artzainak) Iturenen bizi zirela aspaldi, agertutako sei trikuharriengatik. Horietako bat, Baikuntzako etxola deitua, Brontze Arokoa da (K. a. II. milurtekoa, ziur aski).

1280an Oltzorrozko gaztelua eta gotorlekua aipatzen dira eta badakigu Iturenen 25 su zeudela 1350ean eta Aurtitzen, berriz, 14.

Dirudienez 1536an Aurtitz, Latsaga eta Igeribar Itureni lotu zitzaizkion alkate bakarraren agintaritzapean. XVI eta XVII. mendeetan horiek denak Iturenerri, Iturenibar eta Iturenaran izenekin ageri dira. Errotako armarrian, 1782an berreraikia izan baitzen, "Valle de Ituren" irakurtzen da.

Batasuna egin eta geroxeago, 1600 aldera, Iturenek hiribildu titulua eskuratu zuen. Kontzejuaren bilkurak edo batzarreak elizan egiten ziren, barrenean edo ondoan (elizatarian, ondoko larrainean edo elizari atxikia zegoen etxean), XVIII. mendearen erdialderarte. Garai horretan jaso zuten udaletxea, eta bertan egiten zituzten bilkurak.

Hiru auzotako (Ituren, Aurtitz eta Latsaga)oraingo banaketa Igeribar Latsagarekin bat egitearen ondorio da (XIX. mendea). Iturengo auzoko IE zeuden etxeek beste auzo bat, Irugun izenekoa, osatzen zuten XVIII eta XIX. mendeetan. Horren testigantza bertan den Irugunantsonea etxeak ematen du.
XVII. mendetik aurrera Ameztia mendiko baserriak eraiki ziren. Askotan jendea bizi da orain ere.

Udal armarria

Hondoa urdina du eta Toursko San Martin (herriko zaindaria)ageri da, zaldi zuri baten gainean, altzairuzko sabel-ezkutua eta kaskoa mototsez apaindua dituela. Santuak kapusaia zatitu eta makulua duen eskazale herren bati ematen ari zaio. Eskazalearen atzean arbola berde bat dago eta goian, eskuin aldean, urrezko zortzi puntako izar bat. Armarri hori dago jarria udaletxean, Aurtizko ostatuan eta errota zaharrean.

PERTSONAIA OSPETSUAK

Martín Alberro (Ituren 1526 - Valentzia 1596)
Apaiztu eta Jesusen Lagundian sartu zen, Valentzian, 1556an. Juan de Juanes pintorearen arimako zuzendari izan zen eta Ama Birjinari buruzko zenbait obraz aholkua eman zion, batez ere Sortzez Garbiaren koadroari buruz. Artelan hori Valentziako Jesusen Bihotzaren elizan dago, egun. XVI. mendean etxeko izena deitura gisa eramatea ohikoa zenez, litekeena da Martin Alberro oraindik zutik dirauen Alberro etxekoa izatea. Aipatu izena XVI. mendeko dokumentazioan ageri da.

Tomas Iturengoa (Ituren 1556- Toledo 1630)
Teologia ikasi eta, 1577an, Jesusen Lagundian sartu zen, Alcalan. Irakaskuntzan jardun zuen Alcala, Belmonte, Valentzia eta Murtzian. 1619an liburu bat argitaratu zuen, Santo Tomasen doktrinaren duintasunari eta bikaintasunari buruzkoa, bere teologia eta filosofiaren gai korapilatsuen apologiarekin batera. A. Pérez Goyenak obra aztertu du eta "teologo ospetsutzat" dauka. Tomás Iturengoak "Thoma Pio a Ponte Lerinensi" izengoitiz sinatzen zuen. Hor ageri da Malerrekako gaztelaniazko izen historikoa "Santesteban de Lerin" eta ibar horretan zegoen bere jaioterria, deiturarekin bat heldu zena. Ituren abizena izateak esan nahi du, ziur aski, Tomas, Ituren jauregikoa zela, bertako jabeek, XVI eta XVII. mendeetako gehientsuenean deitura hori baitzuten eta aldiz, garai horretan, ez baita beste etxeetan ageri. Azken urteak Toledon igaro zituen eta han hil zen.

Bizarrondarrak
Aurtitz auzoan Bizarronea etxea dago, XVI. mendean eta XVII. mendearen zatirik handienean Bizarron gisa heldu dena dokumentazioan. Beraz, deitura etxearekin lotua dagoela dirudi. Pablo Bizarron, Igeribar auzo zaharreko (orain Latsagakoan dago) Perosantzenea etxean jaioa, Cadizko Puerto de Santa María hirira joan zen XVII. mendean eta bertan ezkondu Maria Egiarretakoarekin. Bere semea, Juan Bizarron eta Egiarreta, Sevillan 1682an jaioa, hiri horretako katedraleko kalonje eta artxidiakonoa izan zen, baita Mexikoko artzapezpiku eta Nueva Españako erregeorde ere. Handik bidali zituen Sevillako katedralera opari gisa sei argimutil, 1'85 m-koak -oparigileak zuen altuera- eta Mexikoko zilar onaz eginak. Egun, katedraleko aldare nagusian daude jarriak. Aipatu argimutilei "bizarrones" izena eman zitzaien. Gero Espainieraren Errege Akademiak "bizarron" terminoa sartu zuen bere Hiztegian, argimutil handia izendatzeko. Bestalde, aipatu artzapezpikuak Vizarrón herria fundatu zuen Mexikoko Querétaro estatuan. Beraz Bizarron oikonimo eta deituratik sortuak dira batetik gaztelaniazko "argimutil handia", etimologia faltsu batez bidez, eta bestetik, Mexikoko herri baten izena.

Erramun Joakin
Erramun Joakin Sunbil Telletxea, Ituren auzoko Berdabioa etxean jaio zen 1755ean. Lanbidez joaregilea zen eta San Kristobal urtu eta joareak egin izanaz salatu zuten. Ituringo arotza kanta herrikoiaren bidez etorri zaigu istorioa, ahoz-aho, alegia. Kanta hori ezaguna da Euskal Herri guztian. Hitza ondoko hau da:

1.- Ituringo arotza Erramun Joakin,
Haserre omen zaude, zeren dugun jakin;
Santurik ez daiteke fiatu zurekin,
San Kristobal urtuta joareak egin.

2.- Arotzak erran dio bere andreari,
Urtu behar dinagu, ekarran santu hori.
Gizona hago isilik! Bekatu duk hori.
Ez zionagu erranen sekulan inori.

3.- Ituringo joare e(g)ile Ramuntxo Joakin,
Haserre omen zaude, zeren dudan jakin,
Konfesa zaitez ongi erretorarekin,
Ez dute zer fidatu santuek zurekin.

4.- Kobrezko santurikan inon bazarete,
Egoten ahal zarete hemendik aparte,
Baldin arotz horiek jakiten badute,
Joareak egiteko urtuko zaituzte.

5.- Elizako serorak, ermitauak ere,
Bakoitza zeun tokitan egon zaitez(te) erne,
Bertzela arotz horiek jakiten badute,
Elizako santuak ihes joanen dire.


6.- Arotzak erran dio bere andreari,
Begira zaion ongi joare multzoari,
Soinuan bilatuta denak zeuden ongi,
Koinatak ez bagindu saldu, Joana Mari.

Juan Bautista Labaien Zubieta (Ituren 1887 - )
Apaiza, filosofiako eta teologiako doktore. Blas Goñirekin batera Gramática hebrea teórico-práctica burutu zuen eta argitaratu Iruñean 1919an. Eranskin bat du Bibliako aremeierari buruzkoa. Aurtizko Migeltxonea etxean jaio zen, bere anaia bezalaxe.

Ildefonso Labaien Zubieta (Ituren 1897 - Iruña 1952)
Mediku eta zirujau ospetsua, Iruñean jardun zuen gehienbat, eta San Francisco klinika fundatu zuen bertan. Hiriburuko Udalak bere esker ona adierazi zion eta kale bati bere izena jarri: Labaien doktorearen kalea (Iruñeko Sanduzelai auzoan).

BITXIKERIAK

Batzarreak.
XVI. mendearen hasieran hasi eta XVIII. mendearen erdialdera arte batzarreak eliza inguruan egin ziren, hots, barrenean, hilerrian, larrainean, elizatarian eta eliza ondoko etxean. "... en el portegado de la yglessia parroquial del señor sant martyn e tiburçci de ahurtiz...." ; "... en la cassa que esta junto a la yglessia parroquial...".

1756an auzia izan zen Ituren eta Aurtitzen artean. Aurtizkoek zioten batzarreak eliza ondoko estalpean egin behar zirela; Iturengoek, berriz, hango auzoko etxean, aurreko hamarkadan egina baitzuten.

Iturendarren proposamena atera zen garaile Aurtizko arazoez erabakitzeko Berueteneko larrainean egiten ziren batzarreak. "...en el lugar de aurtiz en la plaça que esta delante de la cassa de machin beruete estando presentes y juntos en baçarre..."

SagardiaJauregia.
Leinuetxe gisa ageri da Erresumako zerrenda ofizialean. 1513. urterako Mendialdeko Merindadeko zaldunen artean zegoen Iturengo jauregiko nagusia.

Kontuen Ganbarak 1723an egin txosten batean esaten zen Juan Bautista Cortajarenarena zela.
1784an koartelei buruzko eztabaida eskatu zuen Francisca Aguirre Ustarizek, José Joaquín Alduncin Agirreren ama eta tutore gisa. 1790ean José Joaquín Alducin Aguirreren jabetzen artean zegoen.

Armen liburuaren arabera, jauretxe horretako armarria honelakoa zen: urrezko eremuan bi faxa urdin.

Fundazioa.
1857an Pedro Domezainek fundazio ongilea eratu zuen, neska-mutilentzat eskola sortzeko. Horretan laguntza eman zion Maria Jesus Ochandorenak, helburu berarekin eta gainera eguneroko meza.