MONUMENTU ERLIJIOSOAK
- Toursko San Martin eliza.
XVI. mendean jaso zuten eta XVIII.enean, zati bat batean berritu. Hiru auzoen arteko muino batean dago. Aipagarria da erretaula nagusia, erromanismo berantiarrekoa, XVII. mendearen hasierakoa. Jatorrizko polikromia dauka. Juan Huizi maisu erretaulagilearen lana da. Irunberrikoa zen eta bertako lantegikoa. Donezteben jarri zen bizitzen herri horretako Marta Zozaia Juanmigelenekoarekin ezkondutakoan. Joan Iturengoa elizgizonak eman zion erretaula egiteko enkargua. Elizgizon hori Iturengo jauregiko semea zen eta Salamancako unibertsitateko lizentziatua.
- Hirutasun Santuaren ermita.
Mendaur (1.136 m) gainean jaso zen 1693an. Oso-osorik berritu zen 1963an, osotara hondatua baitzegoen.
- San Joakin eta Santa Ana ermita.
Elizatik hamar minutuko bidean dago. 1687an eraiki zen eta 1956an berritu. Ermita horretatik ekarri zen Ama Birjina Haurrarekin irudikatzen zuen taila gotiko bat, alabastrozkoa, zati bat polikromatua duena. Ingalaterran egina da eta 1370-1420 urteetakoa.
MONUMENTU ZIBILAK
Etxeen arkitektura zaindua da, inguru geografiko horretako berezia. Etxe bakarrak izaten dira, gehienetan beheitiko solairua eta beste bi edo hiru dituztenak, eta teilatua, bi edo lau isurkikoa, baita harrizko armarria ere, fatxadetan paratua. Kronologiari dagokionez XV. mendean hasi eta orain artekoak daude. Konparaziora bada bat elementu gotikoak dituena, Ituren auzoko Argiñenea eta beste batzuk, berriz, XVI. mendeko ezaugarriak dituzte. Nolanahi ere, aipagarriak dira, beren handitasun eta dotoreziagatik XVIII eta XIX. mendeetako eraikin batzuk, adibidez Aranburunea, Bizarronea, Joansantzenea, Tresanea, Zaraindia...
- Udaletxea

Herriko plazan dago.
XVIII. mendearen erdialdekoa da eta beheitiko solairua eta beste hiru ditu. Karrerapea dauka, hiru arku fatxadan eta bat alde batean, balkoia bigarren solairuan eta herriko armarria hirugarrenean.
Duela gutxi berritu dute barrenaldea. Beheitiko solairuan ostatua dago; lehenbizikoan udal bulegoak; Bigarrenean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa; hirugarrenean josteta-kultur aretoa.
- Iturengo jauregia
Behe Erdi Arotik dugu Iturengo jauregiaren berri. 1712an Juan Bautista Cortajarenak jauregia eta horren ondasunak erosi zituen. Ameriketan egondakoa zen eta urrezko astoa izengoitiz ezaguna. Eraikina bota eta orain dagoena jaso zuen 1715erako. Beheitiko solairua eta beste hiru ditu, fatxada eta bi alde harlanduzkoak eta armarri barrokoa aurrealdean baita ate bat ere, alde batean; erdi-puntukoa da eta irudi geometrikoekin landutako dobelak ditu. Teilatua bi ordenatako zurezko hegatz handi baten gainean ezarria dago. Erresumako zerrenda ofizialean diren leinuetxeetako bat da. Armarria horrelakoa zen XVI. mendean: urrezko eremuan bi faxa urdin.
- Harrizko zubia
Iturenen badira Erdi Aroko bi zubi eder, Ezkurra ibaiaren gainean. Jatorrizko egitura mantendu dute, erdi-puntuko arku handia eta gaina dromedarioaren bizkarraren itxurakoa.
Marizeneko zubia (Iturengo auzoa) eta Latsaga eta Aurtitz artekoa dira, azken hori Argisuru ondoan, duela gutxi berritua jatorriz zuen taxuan.
Dirudienez, Latsagako zubia, Ituren eta Latsaga artean dagoena, Doneztebeko Migel Amasa hargin maisuak egina 1544an, besteen antzekoa zen, baina XX. mendearen hasieran erori eta haren ordez beste bat, oso ezberdina, paratu zuten.
- Iturengo errota.
Badirudi XVI. mendean bazela bat, baina oraingoa XVIII. mendean berritua da. Fatxadan herriaren harrizko armarria dago, inskripzio hau daramana: "la valle de Ituren". Hiru auzoen erdian dago. 1970etik ez da erabiltzen errota gisa, ondoan arrain-haztegi bat paratu baitzuten, Nafarroako Gobernuarena, gaur egun.
- Arkitektura herrikoia oso ederra da eta Malerrekako etxeen tipologiari eutsi dio. Badira zura torneatua duten balkoiak. Etxe batzuek XVII. mendekoak dira; beste batzuek elementu gotikoak dituzte. Iturengo etxandien artean Trasenea, Zaraindia, Tuniz eta Bizarrenea daude.
GAINERAKO LEKU ERAKARGARRIAK
Ituren ederra da berez eta toki paregabeak ditu turistarentzat.
- Ikuztoki zaharrak
Herriko bideetan barrena abiatuz gero, paisaia polit askiak ikusten dira. Ikuztoki zaharrak ere aurkituko ditugu, ongi kontserbatuak, oraindik ere.
- Trikuharriak
Hemendik gutxira ibilbideak markatako dira mendian eta horietan herriko sei trikuharriak ikusteko aukera izanen da.
Aipagarria da, trikuharrien artean, "Baikuntzeko etxola". Brontze Aroko (K. a. IV-II.milurtekoak) ehorzlekua, harrizko tumulua, non hilobia erdi-agerian dagoen. Gaineko lauza alde batera erorita dago.
Trikuharriak E.M.ra jarriak egon ohi dira. Hildakoaren oinak sortaldera begira paratzen ziren eta burua sartaldera. Iturengo udal dermioan badira beste 5 trikuharri. Horrek esan nahi du bazirela artzainen kulturak bertan bizitzen aspaldi-aspaldian.